Aurrekariak
Life+ Respira proiektuaren helburua da frogatzea teknologia berrien eta hiri-plangintza eta -kudeaketarako neurrien bidez –adibidez, mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera sustatuz–, airearen kalitatea hobetzea eta kutsadura atmosferikoa murriztea posiblea dela.
Proiektuak balio erantsi garrantzitsua dauka: bere garapenean izanen den inplikazio soziala; izan ere, bizikletari boluntarioen talde batek burutuko ditu egitekoak diren ekintzetako batzuk. Horrela, herritarrenganaino iritsi nahi da, emaitzen eragile eta onuradunak baitira.
Proiektuan proposatutako ekintza guztiak airearen kalitatearen hobekuntzarekin, hiri-ingurumenarekin eta osasunarekin lotuta daude zuzenean.
AIREAREN KALITATEA ETA HIRI JASANGARRITASUNA
Gizakiok gure jardueraren ondorioz atmosferara igortzen ditugun kutsagarrien araberakoa da airearen kalitatea. Osasunean eta ingurumenean duen eragina kontuan hartuta, aire garbi bat lortzea gaur egungo ingurumen-politiken helburu nagusietako bat da, eta garrantzi handiko faktorea da gure bizi-kalitateari begira.
Hirien jasangarritasunak aurrez aurre dituen erronka handien artean daude hirietan egin beharreko aldaketak; izan ere, hiri-plangintza eta mugikortasun jasangarria behar bezala sustatu behar dira hiriko bizi-kalitatean izandako eraginak ez areagotzeko.
ATMOSFERAREN KUTSADURA ETA OSASUNA
Airearen kutsadurarekiko esposizioak arnasketa-gaixotasunak sorrarazten edo larriagotzen ahal ditu. Herritar guztiek dute osasunerako eta ingurunerako arriskutsua ez den aire garbia arnasteko eskubidea; hala ere, Osasunaren Mundu Erakundeak airearen kalitateari buruz egindako zuzentarauen arabera, gaur egun arrisku larriak daude kutsagarri atmosferikoekiko esposizioa dela-eta Europako hiri gehienetan, eta lotura argia ikus daiteke kutsaduraren eta hilkortasuna handiagotzearen artean.
Tamaina erdiko hiriak, Iruña adibidez, Europako hirien %80 dira, eta ezin dira kutsadurak sortzen dituen arazoei bizkar emanda bizi.
ATMOSFERA KUTSADURA ETA HIGIKORTASUNA
Europako hiri gehienetan hautatutako hiri-hedapenaren ereduak distantzien eta lurraldearen zatiketa handitzen lagundu du, eta, era berean, ibilgailu pribatuarekiko dependentzia sustatu. Horrek trafiko gehiago izatea ekarri du, eta herritarren joan-etorriak oztopatzen ditu. Aldi berean, bizikleta eta garraio publikoa erabiltzen duten biztanleen kopurua gutxiagotu da.
Iruñean, populazioaren %35ek ibilgailu pribatua erabiltzen du, %13k hiri-garraio publikoa, eta, bestalde, %49 oinezkoak dira, eta %2,5 txirrindulariak.
ATMOSFERA KUTSADURA ETA BIZIKLETARIAK
Hirien handiagotze etengabearekin eta trafikoari lotutako arazoekin batera, garraio-alternatiba berriak sustatu beharra sortzen da, airearen kalitatea hobetzen lagunduko dutenak. Bizikletaren erabilera sustatzea da aukera eraginkorretako bat.
Baina, osasuntsua den jarduera horrek osasunerako arriskua ekar dezake bizikletarientzat beraientzat, kutsadura-iturrietatik gertu ibiltzen baitira; izan ere, ibilgailuetan doazenekin edo oinezkoekin konparatuta, haien arnasketa 2-3 aldiz handiagoa baita, hau da, kutsagarri gehiago arnasten dituzte.
Nafarroako Unibertsitateak Iruñean egindako zenbait ikerketak frogatu dute kutsagarri batzuen maila (NO2 edo bentzenoa, adibidez) gainditzen direla zenbait lekutan.